XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aldi honetako ekintzak interes handikoak dirala esan leiteke, nahiz eta publikotasunera eta enblematsunera mugatuaz, uri giroan eskua sartzeko halango interes batekin.

Gerra aurrean barriz bizkortu zan iturgintza sailaren barririk ez dakigu, halan ere; holan ba, kako bitartean jarri behar dogu aldi hau, iturrien eboluzinoari dagokionez, daturik ezean.

Antonio Echevarriak 1822an Bilboko La Cruz plazatxorako diseinatu eban obelisko-iturria aitau behar da edozelan ere.

Independentziaren gerreak Bizkaiko herrietara ekarri eban hondamendian aurkitu behar dira zergaitiak.

Holan azaltzen dabe Balmasedako zinegotziak behintzat gerrako zorra kitatu arte iturrien arloari aurrerik ezin izan deutsiela emon dinoenean.

Hemen beste leku batzutan baino luzaroago irauten dau krisiak aurrekoa baino bigunagoa ez dan beste gerra aldi baten erruz, lehenengo Karlistadearen erruz, hain zuzen.

Larri aldiok gaindituata badirudi uri berbizkunde antzeko bat sortzen dala Bizkaiko herrietan eta Bilbon euren artean; bata bestearen lehian ekin ei eutsien herri saneamendu eta ur hornidura lanetan; oso aberatsa da kanposantu, iturri, garbitoki, okeldegi eta antzeko zerbitzu barrien katalogoa 1850aren aurreko eta osteko hamarkada bietan, hau da Isabel erreginearen denboran.

Aldi honetan arkitektura estiloak bizi dauen krisia argi azaltzen da Bizkaian zehar eregi ziran iturrietan.

Nahiz eta lanak Aldundiaren babespean egin, egileak askatasun handia izan ei eben proiektuak proposatzeko; batzuk arraroak, bitxiak ez diranean, eta hori bai, era guztietakoak, tradizino barrokoan oina hartuta edo neoklasikoari edo bestelakoei jarraituz; aukera osoa dago estilo aldetik edo estiloak nahasteko, eklektizismora, erromantizismoaren bidez, joteko.

Ez da gauza erreza Isabel II.aren erreinupeko aldietan katalogatutako iturrien atal monumentalak disziplinapean sartzea; baina ez gara lar erratuko, beharbada, gehien nabari diranak lau poloren inguruan batzen baditugu.

Lehenengoa neoklasizismoaren tradizinokoa da eta iturri honetan edaten dabe Areatza, Ubidea eta Amorebietakoak, alderdi enblematikoa baino gehiago herri zerbitzuari dagokiona behin eta barriz baieztaturik.